Parte-hartze marka hautsi du Gipuzkoa Encounterrak 3.000 lagun inguru elkartuz

  • Hamaikagarren urtez antolatutako ekimenaren balantze oso positiboa egin du antolakuntzak, iazko partaidetza-zifra gainditu baita formakuntzarako eta aisialdirako eskaintza erakargarriari esker

  • Topaketak 2.960 pertsona batu ditu, bisitari eta parte-hartzaileen artean, eta nabarmentzekoa da Openguneak izandako arrakasta; publikoari irekitako zonak 3D inprimaketako eta errealitate birtualeko zonak, jokoak, hitzaldi eta tailerrak eskaini ditu

  • Gamegune Opens ekimena ere Gipuzkoako partyan aurkeztu dute. Plataforma berria kirol elektronikoen lehen mailako ekimen bilakatu nahi dute Euskadin eta, horretarako, txapelketa ugari egingo dituzte urtean zehar

  • Euskaltel Konekta fundazioak antolatu du ekimena, Euskaltelen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Tolosako Udalaren laguntzarekin

 

Tolosa, 2017ko martxoaren 20a

 

Gipuzkoa Encounter informatika-topaketak helburu guztiak bete ditu: hiru egunetan 2.960 pertsona elkartu ditu Tolosan, parte-hartzaile eta bisitarien artean. Antolatzaileak oso pozik agertu dira ekimenaren emaitzekin, jakinarazi dutenez "erabateko arrakasta" lortu baita arlo guztietan.

 

Hamaikagarren urte honetan, 600 partaide eta 2.360 bisitari bildu ditu Gipuzkoa Encounterrek, eta teknologiaren epizentro bilakatu da Usabal kiroldegia. Opengunearen balantze bereziki baikorra egin dute antolatzaileek, asteburu osoan zehar lagun ugari erakarri baititu; gaztetxoak batik bat. Publikoari irekitako 600 metro koadroko zonak 3D inprimaketako eta errealitate birtualeko zonak, jokoak, hitzaldi eta tailerrak eskaini ditu.

 

Prestakuntza-saioetan, berriz, gai oso anitzak jorratu dituzte enpresa eta erakunde desberdinetako adituek: segurtasun informatikoa, 4.0 industria edo sare sozialen erabilera komertziala, besteak beste. Horrez gain, robotikako eta led argien programazioko tailerretan parte hartu du haur mordoak.

 

Beste urte batez, zifra itzelak eman ditu lanpartyak: 15 kilometro kable eta 10 gigako interneterako konexio abiadura, Gipuzkoa Encounter Estatuko ekitaldi teknologiko handienen artean kokatzen duen eskaintza.

 

Euskaltel Konektak antolatutako partyaren laguntzaile dira Euskaltel; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua; Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila, SPRIren bitartez; eta Tolosako Udala.

 

 

Gamegune Opens

 

Aurten, gainera, Gamegune Opens e-Sport plataformaren aurkezpena hartu du Gipuzkoa Encounterrek, lehenengo txapelketa amateurrarekin. Euskaltel Konektak antolatutako egitasmoa kirol elektronikoen lehen mailako ekimen bilakatu nahi dute Euskadin. Urtean zehar, norgehiagoka gehiago egingo dira, bideojoko desberdinen inguruan, eta egutegi hori urtez urte zabaltzen joateko asmoa dute antolatzaileek. Egitasmo honen hitzordu nagusia urtero jokatzen den Gamegune Major txapelketa izango da, munduko bideojokalari profesional onenekin.

 

Tolosako aurrez aurrekoaren irabazleek Gamegune Major txapelketa handirako sailkapen lehiaketetara sarbidea lortu dute. Egitasmo honekin, nazioarteko bideojoko-lehiaketa txapelketa-multzo baten barne kokatu nahi dute, ekintza isolatua izan ez dadin.

 

Gamegune Opens ekimenak jarraipena izango du Euskadin burutuko diren lanpartyetan; Araba Encounterren eta Euskal Encounterren, hain zuzen. Aurrez aurreko lehiaketa gehiago ere egingo dira beste data batzuetan, baita online partidak ere. Kasu guztietan, bideojoko-aukera zabaltzeko asmoa dago, hala nahi dutenek Overwatch, CSGO, FIFA eta Street Fighter jokoetan ere aritu ahal izateko.

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter

The Best United Kingdom Bookmaker lbetting.co.uk Ladbrokes website review