Belaunaldien arteko transmisioa sustatuko du Haurren Hiriaren hurrengo ikasturteak

Tolosa, 2017ko ekainak 15

Amaitu berri da Haurren Hiriaren 3. ikasturtea. Maiatzaren 13ko Mintzatxokoarekin borobildu zuten ikasle, guraso zein hezitzaileek udal ekipamenduei buruz jardun duten 9 hilabeteko lana. Guztira 43 kide ibili dira aurten, 24 mutil eta 19 neska. Tolosako hiru ikastetxeetako ikasleak Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. arte. Gela bakoitzetik ordezkari bana.

Tolosako Udalak ezinbestekotzat ditu gazteak Olatz Peon Ormazabal alkateak berretsi duen eran: “herriko dinamika ezberdinetan oinarrizko atala baitira; funtsezkoak etorkizuna ordezkatzen baitute. Parte-hartzea gailentzen den aro honetan, beharrezkoa da gazteen partaidetza bultzatzea, gazteen iritzi eta kezkak entzun eta kontuan izatea”. Horretarako Udalak duen guneetako bat Haurren Hiria dela adierazi du Tolosako alkateak. Sail transbertsal honen garrantzia mahai gainean jarri nahi izan du: “gainerako departamentuekin harreman zuzena duen saila da, eta proiektu orotan gazteak kontuan izatea ahalbidetzen du”.

2016-17 ikasturtetik ekarpen “esanguratsuak” jaso direla du iritzi Peonek: “udal ekipamenduak aztertu dituzte: Aranburu Jauregia, Errotako Haur liburutegia eta Kultur etxea. Orokorrean, haur eta gazteei zuzendutako ekimen gehiago eskatzen dituzte eta egungo eskaintza berritu eta egokitzea. Baita Haur liburutegia bezalako espazioren bat sortzerako unean, haurrei zuzenduta dagoen espazio bat, beraien iritzia kontuan izatea; proiektuaren sorreran eta garapenean aktiboki parte hartu nahi dute” gaineratu du alkateak.

 

Herritarrok herriaren garapenean parte hartzearen garrantzia

Udalak politika publikoak gauzatzeko eran “aurrerapausu ugari” eman dituela adierazi du alkateak: “eduki aldetik, zein forma aldetik”. Tolosatzenek martxa hartu du. Herritar, politikari eta teknikariek elkarlanean etorkizunean zein Tolosa nahi duten definitu dute, eta horretarako pausuak zein diren finkatu. “Herritar ororen iritziak eta proposamenak jaso eta aintzakotzat hartzen ditugu edozein proiektu martxan jartzerako unean” gaineratu du Peonek - “Haurren Hiriak horretarako balio du”.

Ekimen ezberdin ugari atera dira aurrera Haurren Hiriatik: oinezko kaleak, abiadura mugatua dutenak (30) edo aurten bigarrenez jarraipena izango duten San Juanetako “Musika parkean” ekimena edota sanjoan su txikia… Eta Mintzatxokoan alkateak bertaratutakoei aurreratu bezala, zerrenda honi beste bat gehituko zaio: tirolina bat ezarriko da Usabalen. “Haurren eskaera zen ekimena martxan jarri zenetik, eta errealitate bihurtuko da gutxi barru” azpimarratu du alkateak.

 

Datorren urteko gaia: belaunaldien arteko transmisioa

Gure aiton amonek nola jolasten zuten, zein aisialdi eskaintza zuten, zein espaziotan ibiltzen ziren, zein ezagutza eta istorio ezagutzen dituzten espazio horien inguruan.

Alkateak gogorarazi du Mintzatxokoan bertan, eta Tolosatzenen proposatutako gaia ere badela: “zehazki gazteen arteko elkarlanerako, sormen ekintzetarako eta belaunaldi arteko ekintzailetzarako guneak ahalbidetzea eta ikastaro eta tailer mistoak antolatzea zen eskaera, gazteen arteko eta belaunaldien arteko elkar hartu-emanak bideratu ahal izateko, pertsona gazteak eta helduak elkartuz. Hori egingo dugu Haurren Hiriaren 4. ikasturtean”.

 

Haurren Hiria 2016-17, saioz saio

  1. Saioa (urriak 25): Tolosako ekipamenduak I (Aranburu Jauregia eta Errota)

Taldetan banatuta, Aranburu Jauregian eta Errotan izan ziren. Batetik artxiboa, helduen liburutegia eta erakusketa gelak ikusi eta bestetik, haur liburutegian izan ziren. Guadi Larrartek, Tolosako Udal Artxiboaren arduradunak, Artxiboa erakutsi eta bertan zer egiten duen azaldu zien. Erakusketa eta haur liburutegian jolasen bidez, hainbat ondorio atera zituzten.

 

  1. Saioa (abenduak 13): Tolosako ekipamenduak II (Kultur Etxea)

Kultur Etxeko funtzionamendua eta bertan egiten diren jarduerak azaldu zizkieten haurrei bertako teknikariek. Ondoren, hiru taldetan banatu (beti bezala adina, neska-mutilak, ikastetxeak nahastuta) eta Kultur Etxean egiten diren tailerretako hirutan hartu zuten parte: pintura, zeramika eta antzerkia.

Gehienak Kultur Etxera noizbait sartu badira ere, oso gutxik ezagutzen zuten bertan egiten den guztia. Oso gustura aritu dira eta berriro itzultzeko gogoa piztu zaie, batez ere zeramikako tailerrera.

 

  1. Saioa (urtarrilak 24): Zabalarretako parkea

Zabalarreta parkearen historia ezagutu ondoren, taldeka banatu eta ideia zaparrada bota dute gustuko dituzten proposamenak elkartuz. Denen artean adostu ondoren, beraiek nahiko luketen parkeak izan beharko lituzkeen egiturak deskribatu dituzte: tirolina, tobogan handi bat, etxetxo bat zuhaitzean eta labirinto bat.

 

  1. Saioa (martxoak 11): Gurasoekin

Zabalarretako maketa bat egin zen, haurrek proposatutako jolas egiturekin. Material berrerabiliekin tirolina bat egin zuten, tobogan erraldoi bat, etxetxo bat duen zuhaitza eta kartoiekin labirintoa. Zerkausian izan ginen eta oraingoan ere, oso gustura aritu ziren haurrak eta gurasoak. Emaitza ikusgarria izan zen.

 

  1. Saioa (maiatzak 2): Mintza Txokoren prestaketa

Azken saioari begira, ikasturtean zehar egindako ekintzen laburpena eta horietan ateratako ondorio nabarmenenak kaleratzeko asmotan, informatibo moduko antzezlana egitea erabaki zen. Beraz, batzuk aurkezleen eta beste batzuk erreportarien paperean sartuz, gidoia prestatzeari ekin zioten. Erreportarien kontakizuna irudiekin laguntzeko, saioetan zehar ateratako argazkiak erabiltzea erabaki zen, horiekin bideotxoak eginez.

 

  1. Saioa (maiatzak 13): Mintza Txokoa

Urteko azken saioa, larunbat arratsaldez burutu zen. Zati desberdinetan banatu zen ekitaldia. Lehenengoan, haur, guraso, ikastetxeetako ordezkari eta udal ordezkariek, hiru txokotan banaturik, aurtengo proiektuaren inguruan hausnartzeko ekintza ezberdinak burutu zituzten. Haurrekin egiten den bezala, jolasa izan zen erabilitako dinamika. Bigarren zatian, haurrek prestaturiko emanaldia aurkeztu zuten, “Toloberri” eta amaitzeko, txokolatada eta musika festa. Haurrek alkateari oroigarri moduan, aurtengo kideen artean osatutako argazkia eman zioten.

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter

The Best United Kingdom Bookmaker lbetting.co.uk Ladbrokes website review