Oriaburuko coworking gunea prest izanen da 2017 amaierarako

  • Tolosako Udalak Oriaburu etxeko lehen solairua egokituko du Tolosan ekintzailetza eta enplegua bultzatzeko leku izan dadin.

  • Lanak irailaren 11n hasiko dira, 3 hilabete inguru iraungo dute, eta aurrekontu hau dute guztira: 112,500 € (BEZa barne).

  • Udara aurretik berritu zen kanpoaldea, jatorrizko itxura zainduta.

 

Tolosa, 2017ko irailak 4

Tolosako Udalak hilabete ugari daramatza Oriaburuko lehen solairuko coworking guneari forma ematen. Lehen pausu esanguratsua 2016ko martxoan eman zen, eraikin honetako beheko solairuan Tolosa&Co merkatari eta ostalarien elkarteari lekua eginaz, herriko sektore garrantzitsuenetako baten elkarteari, hain zuzen. Orain, Tolosako Udalak eraikin horren jarduna zabaldu egingo du eta, horretarako, lehen solairua egokituko du kolanerako (coworking) leku izan dadin. Guztira 112.500 euroko aurrekontuarekin lehen solairuaren barrualdea egokitu eta eraikinaren irisgarritasuna bermatzeko, Udalak egungo inguru sozioekonomikoan funtsezko diren jende berritzaileekiko eta partaidetzazko ereduekiko konpromisoa berretsi du. “Apustu horretan Oriaburu funtsezko kokalekua izango da” adierazi du Olatz Peon Ormazabal alkateak.

Gunearen oinarriak onartu berri dira eta gutxi barru irekiko da coworking espazio honen parte bilakatzeko izena emateko epea. Profesional independienteentzat edo enpresa txiki eta ertainentzat (ETE) da eta espazio fisiko eta birtual bat partekatuz aukera izango dute hainbat lan edo proiektu garatzeko.

Alkateak azpimarratu du “garrantzitsua dela Tolosaren garapen ekonomikoa bultzatzea, herriko sektore guztien aurrerapena eta hobekuntza lortzeko”. Horregatik, “ezinbestekotzat” jo du elkarlanean aritzea herriko eragileekin eta Udalaz gaindiko entitateekin, esparru desberdinetako ekarpenak jasoz, berrikuntza sustatuz, elkarrekin proiektuak martxan jarriz, eta, azken batean, tolosarren beharrei erantzungo dieten jarduerak elkarlanean garatuz.

Eraikineko lehen solairua egokituko da, ondorengo guneak izateko:

  • 4-6 langunetarako gela.
  • Bilera-gela.
  • Atseden-aisialdirako lekua eta sukalde txiki bat.
  • Zerbitzari eta komunikazio-ekipoentzako zentroa, sarbide mugatua duela.
  • Bainugelak.
  • Instalazioak: iturgintza, saneamendua, berokuntza, elektrizitatea, telekomunikazioak eta sare informatikoa.

Languneek baliabide hauek izango dituzte: mahai indibidualak, takila pertsonala, wifi publikoa edo norberarena eta inprimagailua. Asteko egun guztietan eta egun guztian, 24 orduz, erabiltzeko aukera egongo da. 112.500 euroko aurrekontu osotik, 62,250 euro bideratuko dira atal honetara.

 

Lehen solairuaren eta teilatupearen irisgarritasun berme guztiak bete daitezen, eskaileraren ondoan igogailua jarriko da, horixe baita kokapen egokiena hiru solairuri begira. 112.500 euroko aurrekontu osotik, 50.250 euro bideratuko dira atal honetara.

 

Uda aurretik burutu ziren fatxada berritzeko lanak

Oriabururen kanpoaldea berritu da jatorrizko itxura zainduta. Lan berezia egin da patologia nabariekin eta kanpoko arotzia guztia aldatu dute. Gainera, isolamendua hobetu egin dute, barrualdeak isolamendu termiko eta akustiko hobea izan dezan. Bestalde, teilatu-hegalei tratamendua eman zaie eta margotu edo bernizatu egin dira (ezaugarrien arabera) azalera guztiak. Inbertsioa, guztira, 75.300 eurokoa izan da.

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter

The Best United Kingdom Bookmaker lbetting.co.uk Ladbrokes website review