Udalerriko informazio geografikoa eskura Tolosako bisore berrian

Tolosa, 2017ko maiatzak 11

Tolosako Udalak, Tolosako bisorea (GIS) sortu du, udalerriko informazio geografikoa herritarren eskura jarriaz. Horrek Patxi Amantegi, Ingurumen zinegotziaren ustetan ahalbidetuko du herritarrek udalerriak eskaintzen dituen zerbitzuak “hobe” ezagutzea eta zerbitzu horien “kudeaketan” partaide izatea: “Udala eta herritarren arteko komunikazioa eta interakzioa hobetuko duen beste tresna bat da Tolosako GISa”.

Tolosako bisorean 50 informazio geruza baino gehiago jarri dira herritarren esku, 4 atal nagusietan banatuta: Informazio orokorra, Hirigintza, Landa eremua eta Ingurumena eta Turismoa. Adibidez bizikleta aparkalekuak edo edukiontziak non dauden kontsultatu daiteke. BTT ibilbideak edo ibilbide osasuntsuak, hirigintzako eremuak... Lehen pausu baten aurrean gaudela eta etorkizunean geruza gehiago jartzea aurreikusten dela gaineratu du Amantegik.

- Informazio orokorra, non eraikin publikoak, eta interes orokorreko beste azpiegitura batzuk kontsultatu daitezkeen. Atal honetan ere herriko mugikortasunari buruzko informazioa asko aurkitu ahal izango dugu. OTA-TAO eremuak, hiribusaren ibilbidea, bidegorri sarea, ibilbide osasuntsua eta abar.

- Hirigintza atalean, planeamendu urbanistikoari buruzko informazioa dago alde batetik eta bestetik zerbitzuetako azpiegituren kokapena ere kontsultatu daiteke. Adibidez, hondakinen edukiontziena edo kartelak jartzeko panelena. Atal honetatik ere udal kartografia deskargatu ahal izango da.

- Landa eremua eta ingurumena. Atal honetan herriko baserrien eta baserri bideen inguruko informazioa dago. Mendiko ibilbide homologatuak ere agertzen dira. Bestetik ingurumen kalitatearen eta udalerriko eremu babestuen inguruko geruzak aurkitu ahal izango ditugu.

- Turismoa. Geruza honetan turismoari begirako informazio interesgarria dago, museoak, azokak, parkeak edo BTT ibilbideak adibidez.

Zinegotziaren esanetan, herritarrak informazio geografikoa “eskurago” izango du: “agian orain arte informazio kokretu bat eskuratzeko udalera etortzea beharrezko bazen, bisorearekin etxetik kontsultatu ahal izango du. Adibidez, landa eremuko lursail katastralen mugak bisorean kontsultatu ahalko dira. Bisore honek azalerak eta distantziak gutxi gora behera neurtzeko tresna bat ere badu” gaineratu du.

"Hirigintza alorrerako erabiltzen zen tresna batetik, arlo desberdinetako geruzekin hornitu dugu bisore berria” -azpimarratu du Ingurumen sailaren arduradunak- “baina garrantzitsuena da, bide bat hasi dugula, udal langileak formatuz eta software libreko GIS programak gure ordenagailuetan instalatuz, etorkizunean udalaren barne funtzionamenduan tresna hauek txertatzeko asmoz”.

Teknologi berriak garapen handia izan dute eta arlo honetan aukera asko zabaldu dira GISaren arduradun teknikoen iritziz: “Europar Batasunak 2007. urtean INSPIRE deituriko zuzentarauaren bitartez informazio geografikoaren demokratizazioa bultzatu zuen eta informazio geografikoak zein ezaugarri bete behar zituen ere finkatu zuen estatu desberdineko bisoreetan kontsultatu ahal izateko”. Informazio geografikoa “denon eskura” edukitzea da helburua Ingurumen zinegotziaren iritziz: “informazioaren gizartea garatzen laguntzen du eta jarduera eta proiektu berriak sortzea errazten du”.

Bisore hau software libreko programa baten bitartez garatu da eta GIS zerbitzaria Udalarena denez, informazio sistema Udaletik modu autonomoan kudeatzeko aukera ematen du. Administrazioaren eraginkortasunean aurrera egiteko eta informazioa partekatzeko tresna “baliagarria” izango dela nabarmendu du Amantegik. Tablet eta mugikorretarako egokitua dago, eta gainera bi tresna horiekin, bisoreak beste funtzio bat irabazten du, GPS aktibatzean, bisorean erabiltzailearen uneko kokapena agertzen baita.

Tolosako Udaleko web orrian dago eskuragarri.

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter

The Best United Kingdom Bookmaker lbetting.co.uk Ladbrokes website review