Aurtengo edizioko kartelaren protagonista da eta tolosar moduan asko gozatzen dituen egunak badira ere, dantzari moduan jaiok duten balioa nabarmentzen du gehien, festetako kultura eta tradizioa

Ane Elizegik irabazi du Sanjoanetako irudia hautatzeko kartel lehiaketan, emakume dantzariak goraipatzen dituen dantzariaren argazki batekin.  Miren Nazabal da irudi horretako protagonista. Tolosarra, irakaslea da ofizioz, eta dantzaria afizioz. Dantzari lotutako bizitza da berea, eta aste honetan berarekin hitz egiteko aukera izan dugu kartelaren atzean dagoen istorioaren inguruan sakontzeko.

Betidanik, dantza
Miren Nazabalek txiki-txikitatik izan du dantzatzea gustuko, bere kabuz handik-eta-hemendik dantzan ibilitakoa izan da. Ofizialki, lau urterekin eman zituen lehen pausuak dantzako ikastaroetan, ballet munduan, zehazki. Urtebetez aritu zen han eta, ondoren, oraindik kide den Udaberri Dantza Taldean hasi zen dantzan.

Orduan, bost urterekin, umeen dantza ikastaroetako ikaslea izan bazen ere, urteek aurrera egin ahala helduen taldean sartzeko trantsizioa gainditu zuen. Egun, dantzako irakasle ere badabil.

Tolosa, Sanjoanak eta Bordon Dantza
Bordon Dantza Tolosako San Joan herriko festetan dantzatzen da eta ekainaren 24ko San Joan eguneko ekitaldi deigarrienetako bat da, dudarik gabe. 

Ustez, 1321. urtean Beotibarren Gipuzkoako nobleen eta Nafarroako nobleen arteko lurraldeen arteko liskarrek eragindako batailarekin lotutako dantza da. Horregatik, eta hainbeste mendez biziraun ondoren, Tolosako errito esanguratsuenetakoa da egun, solemnitate eta tradizio aldetik behintzat; eskopetari konpainiekin, musika bandarekin eta udal korporazioarekin egitura koreografikoa osatzen du.

Udaberri Dantza Taldeak, 1979an berritu egin zuen Bordon dantza, janzkera, materiala eta dantzaren beraren koreografia gaurkotuz. “Tradizioak berritu egin behar du bizirik jarraitzeko”, dio Nazabalek.

Lehenengo emakumeak Bordon Dantzan
Bordon Dantza, 2013. urtera arte, gizonezkoek bakarrik dantzatu dute. Urte hartan, lehen aldiz, 6 emakumek hartu zuten parte Bordon Dantza: Irati, Maitane, Garazi, Amaia, Itsaso eta Itzea izan ziren.

Bordon Dantza dantzatu zuten lehen emakumeak, 2013.


Prozesua “erabat naturala” izan zela nabarmentzen du Nazabalek, Udaberri Dantza Taldeko entseguetan genero bereizketarik egiten ez dela azpimarratuz, eta horregatik heldu zela Bordon Dantza tokatzen zen saioetan bide beretik egiteko erabakia. 

“Ohore handia” sentitu zuten sei emakume horiek, tradizio-eraldaketaren erakusleiho izan zen eta urte hura, eta baita emozio handikoa ere. “Ardura eta errespetu handiz” defendatu zuten lehen urtez dantza hau Tolosako kaleetan zehar, erreferente eta mugarri bilakatuz. Orduz geroztik, emakumeek urtero hartu dute parte.

Lehenengo sei emakume horiek ireki zuten bide horretatik heldu zen Nazabal 2022ko Sanjoanetan dantzarien lehengo emakumezko kapitaina izatera. Emozio handiz gogoratzen duen urtea izan zen, “dantzan hainbeste urte eman ondoren horrelako pauso handia ematea benetan hunkigarria izan zen eta”. Momentu horren argazkia da, hain zuzen, Ane Elizagik kartelean jartzeko aukeratutakoa.

Mirenen kuttunena
Momentu gogoangarrienaz galdetuta, argi dauka Nazabalek: “Aldatu ondoren, azken beroketak egin eta Santa Maria plazara ateratzen garen lehen momentu hori. Sanjoan zortzikoa jotzen hasten dira bai musika banda, bai txistulariak, eta baita Santa Maria elizako kanpainak ere. Buf… denoi jartzen zaigu oilo-ipurdia… momentu hori da bereziena”, dio emozioz.

Dantzak ba ote du etorkizuna?
Dantzaren etorkizuna “oparoa, ona eta anitza” izango dela uste du Mirenek. Horretarako pauso desberdinak ematen ari dira. Bordon Dantzari dagokionez, animatzen den oro da ongietorria. “Euskal dantzan murgiltzen ari diren gaztetxoak animatu nahi ditut prozesuaz disfrutatzera, adierazperako modu berezi honetaz gozatzera. Euskal dantzak beste hainbeste urtez iraun dezan!”.