Tolosarrak urteko lehen egunean Uzturre mendira igotzen dira. Arrazoia dena dela, tradizio bihurtu da.

 

Eta ohitura onak ez omen dira galdu behar. Hori dela eta, tolosar askok, urte berriaren hasiera, goiz pasa egin eta urteko lehen egunean mendira igotzea erabakitzen dute.

 

Baliteke urtea goi-goian hasteagatik izatea, tontorrean, edo landare eta naturaz inguratuta hasteagatik izatea, baina dagoeneko tradizio bihurtu da tolosarron artean.

Badira korrika igotzea erabakitzen dutenak, lasai igotzea erabakitzen dutenak, eta baita urte berrian osasuntsuago izango direnaren promesatik abiatuta, "aurten bai" eta "ikusiko duzue" zin egin eta urtea ondo hasteko botak jantzi eta Uzturrera igotzea erabakitzen dutenak ere.

Azken urteotan gora egin du, halaber, urtarrilaren 1ean igo beharrean euren San Silvestre pertsonala egin eta abenduaren 31n Uzturrera igotzea erabakitzen duten pertsonen kopuruak, agian urtea lasaitasunean amaitzeak erakarrita. Aurtengo urte berezian lanak azken egunerako utzi ordez opor egunak aprobetxatzea gomendatzen dizuegu jende pilaketak ekiditeko.

Urtea agurtzeko edo inauguratzeko mendirik ezagunena tolosarren artean Uzturre bada ere, badira beste aukera batzuk ere, Tolosaldeko mendizaleentzako aukerak oso zabalak baitira.

Besteak beste, Hernio, Mendikute, Loatzo, Erroizpe, Adarra, Uli edo Ipuliño mendiek ere euren erromeria partikularra izaten dute, urtea agurtzen edo urte berriari ongietorria ematen dabiltzan pertsonez beteta izaten baitira.

Azken finean, garaiak aldatu arren, badira aldatzen ez diren ohiturak eta urtea mendian hasi edo amaitzea horietako bat da.