Herrietako jaietan bada zerbait bereizgarria: herri bakoitzak, jai bakoitzean, soinu desberdina duela. Tolosako San Joan egunean, banda, txistulariak eta abesbatzak kalera ateratzen dira, tolosarrak gehien
ordezkatzen dituzten abestiak abestera eta jotzera.

 

Lehenengo notak ekainaren 23ko San Joan bezperan hasten dira, Andre Maria plazako San Joan suaren bueltan. San Joan Martxaren doinuak lehen aldiz jotzen ditu Udal Musika Bandak. Segidan, dantzariek zortzikoa dantzatzen dute, euskal dantza gehiagorekin batera. Gauari amaiera emateko, San Joan Zortzikoa abesten du abesbatza batek: txandaka egin ohi dute hori Hodeiertz abesbatzak eta Santa Maria kaperak. 

Abesti hori bera ekainaren 24ko Meza Nagusiko protagonista nagusietako bat da. Hain zuzen, egun hor, San Juan eguna, tolosarrentzat egun garrantzitsua da. Goizetik iluntzera, Tolosak bere patroia omentzen du, musikaren erritmora.

Goizeko 08:30ean Tolosako Alde Zaharreko kaleak zeharkatzen ditu bandak, dianarekin. "Despertá en Enguera" abestiarekin hasten da: bere jatorria Enguera herrian (Valentzia) izan arren, oso tradizionala da Tolosako San Joan egunean, ‘herria esnatzeko’. Goizeko beste ohiko abesti bat ‘Anunciación de la Jota’ da. Diana amaitu baino lehen, Tolosako eta Iruñeko Udal Txistulari Bandarekin bat egiten du musika bandak.

 


 

Tolosako txistulariek 1913. urtean San Ferminetan jo zuten, eta orduz geroztik, ez dute hutsik egin. Trukean, iruindarrak Sanjoanetara etortzen dira gure herrira jotzera. Urte hauetan oso harreman ona egin dute eta elkarrekin jotzen dute egun osoan. Goizean, bandarekin bat egiten dute, diana elkarrekin amaitzeko. Txikia, Goizeko Izarra, Diana nº1 eta Diana nº2 jotzen dituzte, azken bi hauek San Fermin jaietako abesti tradizionalak direlarik.
 

 
 

Goizeko ordu berean, Tolosako eskopetarien konpainiak ere desfilatzen hasten dira arma-alarde batean, beren danbor eta txirula doinu bereizgarriekin.

Baina San Joan egun osoan zehar Udal Bandak jotzen duen doinua San Joan Martxarena da, egun osoan zehar abestiari 60 buelta baino gehiago ematera iritsiz.

Dantzariek ere herriko alde zaharreko kaleak zeharkatzen dituzte, San Joan zortzikoa dantzatuz, txistularien doinuek lagunduta. Egun honetako beste doinu adierazgarrietako bat da.

Egun honetako protagonismoaren zati handi bat Tolosako erraldoiek ere hartzen dute, herriak asko errespetatzen eta miresten dituen emanaldiak izanik. Erraldoien konpartsak ‘Valiente’ baltsa dantzatzen du, bandak eta dultzaineroek lagunduta. Dantza horien bi puntu nagusiak Santa Maria elizaren aurrean dira, Meza Nagusiaren ondoren, eta eguerdi partean Euskal Herria plazan, eskopetari guztien aurrean.
 


Arratsaldean, eta eguna bukatuz, alkateak, herriko ordezkari gisa, «Agurra» dantzatzen du Triangulo plazan, herriaren aurrean. Ondoren, udalbatzak bat egiten du alkatearekin batera dantzan jarraitzeko.

 
 

Ikusten duzunez, San Joan egunak bere soinu-banda propioa du, bere protagonistekin. Bakoitzak bere erara bizitzen du San Juan eguna, herriari musikari lotutako istorio bat eskainiz.