Sagardotegi tradizionalek esperientzia paregabea eskaintzen dutela badakigu: sagardo naturalaren eta plater tradizionalen dastaketaz gain, jai giroarekin konbinatzen baita jan-edana. Gainera, historiaz eta tradizioz beteriko tokiak dira, aberastasun handia dutenak.
Baina, jakingo zenuke betiko erritualen nondik norakoak esaten? Artikulu honetan, sagardotegietako sustraiak aztertuko ditugu, hara joaten garen hurrengoan esperientzia guztiaz goza dezagun!
- Zergatik da sagardotegietako sagardoa berezia?
- Zergatik esaten da "txotx"?
- Zergatik jaten da sagardotegietan beti menu berdina?
- Zergatik da garrantzitsua sagardo garaia noiz den jakitea?
- Zergatik zerbitzatzen da sagardoa modu berezi batean?
1. Zergatik da sagardotegietako sagardoa berezia?
Sagardotegetan noski, sagardo naturala zerbitzatzen da (sagar zukutik hartzitako produktua): gehigarririk eta kontserbatzailerik gabe, kupeletik zuzenean. Eta horrek, zapore freskoa eta benetakoa ematen dio. Horregatik, sagardo zale handiek, desberdintasuna nabaritzen dute botilan datorren sagardoarekiko.
2. Zergatik esaten da "txotx"?
Sagardotegi barruan gaudela, "txotx" hitzaren oihua iristen zaigu eta horrek gauza bakarra esan nahi du: erritualaren hasiera, mahaikide guztiak, urduritasunez eta alaitasunez lagunduta, hurrengo sagardo kupelaren zaporea dastatzera doaz.
Garai batean, denek beren edalontzia sagardoz beteta zeukatenean, kupeletik etengabe ateratzen zen sagardo txorrotada gelditu behar izaten zuten nolabait. Horretarako, jabeak egur zati fin bat erabiltzen zuen: hau da, 'txotx' bat.
Horregatik, sagardoa kupel batetik dastatu nahi zenean, txotxa kendu eta sagardoa ateratzen zen. Txanda bakoitza bukatzean, txotxa jartzen zen berriro. Egurrezko objektu txiki honek ematen dio izena eta arrazoia euskal sagardotegien egungo oihuari!
3. Zergatik jaten da sagardotegietan beti menu berdina?
Sagardotegiko menuak sagardo naturalarekin ondo doazen platerak konbinatzen ditu, baita jai girora gonbidatzen dutenak ere. Plater hauek nahiko gozoak izaten dira, ugariak eta partekatzeko egokiak direnak.Gainera, bakailaoa, txuleta eta gaztak tradizio luzea dute euskal sukaldaritzan.
4. Zergatik da garrantzitsua sagardo garaia noiz den jakitea?
Sagardo denboraldia urtarriletik maiatzera izaten da, gutxi gorabehera. Garrantzitsua da, denboraldi honetan sagardo berria egiten delako eta sagardotegiek ateak irekitzen dituztelako, produktu freskoaz goza dezaten. Gainera, kontutan hartu beharreko data-tartea izaten da, gainontzean itxita mantentzen baitira!
5. Zergatik zerbitzatzen da sagardoa modu berezi batean?
Sagardoa edalontzira altuera jakin batetik isurtzen da, oxigenatu dadin eta bere zapore eta usain bereizgarriak gara ditzan. Botilan zerbitzatzeak, trebetasun handia eskatzen du, kupeletik sagardoa zuzean hartzean aldiz, nahikotxo errazten da prozesu hau. Hala ere, honek ukitu dibertigarria ematen dio sagardotegietako esperientziari!