Tolosako Azoka

Tolosako Azokak idatzi gabeko hainbat arau ditu. Gaurkoan aholku horietako batzuk bildu ditugu, Azokako bisitari probetxurik onena atera diezaiozun.

Berdura plaza Tolosako Azoka

Goiztiar izan!

Egiazki, nahiz eta eguerdi aldera giro hobea izaten den, zure helburua produktu freskoak eskuratzea bada, goizeko lehen orduetan joatea da egokiena.

Goizeko 08:00etarako postu guztiak produktuz beteta izaten dira. Eta, zenbat eta beranduago joan, orduan eta aniztasun gutxiago aurkituko dugu.

Erosketak goizean goiz egin ostean, beti itzul zaitezke eguerdiko giro onaz gozatzera, tartean hamaiketakotxoren bat egin eta gero!

Tolosako Azoka 3 plaza

Ondo identifikatzen ditu hiru espazioak

Azoka hiru gunetan banatzen da, eskaintzen duten produktu motaren arabera. Lekurik garrantzitsuena Zerkausia da, garaiko produktuaren tenplua. Inguruko baserrietako postuak jartzen dira bertan, barazki, fruta, esneki, hestebete eta horien deribatuekin.

Berdura Plazako beirazko sabai ederraren azpian, azokako posturik zaharrenetako batzuk egoten dira, horiek ere inguruko herrietakoak. Barazki freskoez gain, landareak eta loreak ere saltzen dituzte.

Azkenik, Euskal Herria plazan kanpoko postuak egon ohi dira. Fruta nabarmentzen da, bereziki. Garaiaren arabera, ohikoa izaten da Nafarroako produktuak aurkitzea, hala nola piperrak, zainzuriak, orburuak edo kardua. Gozokiak, hestebeteak, arropa eta zapatak ere badaude.

Azoka barazkiak Tolosa

Ekoizleen gida kontsultatu

Postuz postu joatea eta eskaintzen duten aniztasuna bertatik bertara ikustea da onena, baina zerbaiten bila bazabiltza, postuen gida kontsulta dezakezu azokaren webgunean.

Tolosako Azoka Zerkausia

Tolosako Azoka Tinglado Mercado

Galdetu, hitz egin, ikasi

Azokak eskain dezakeen esperientziarik onena da. Aprobetxatu ekoizleekiko hurbiltasuna, begien aurrean dituzun produktuak ekoitzi dituztenekin aurrez aurre hitz egiteko: galdetu sasoiko produktuen inguruan, lantzeko moduari buruz, edo kozinatzeko gomendioak eskatu. Gauza bat ziurtatuko dizugu: beti, beti, zerbait berria ikasiko duzu.

Azoka Lagunak boltsa Tolosa

Eraman zure poltsa

Azokak kontsumo arduratsu eta jasangarriaren alde egiten du, eta, beraz, jende gehienak poltsa berrerabilgarriak edo erosketa-orgak erabiltzen ditu. Keinu txiki horiek uste baino garrantzitsuagoak dira. Jarrera horrekin bat egitera gonbidatzen zaitugu!

Tolosa Mercado Plaza Verdura

Bisita gidatu bat

Tolosako Azokak zerbait badu, hori historia da. Duela 760 urte baino gehiagotik ia etenik gabe ospatu da, eta horrek erreferente bihurtu du. Bere eragina oso nabarmena izan da beste sektore batzuetan, hala nola, merkataritzan eta ostalaritzan, erretegietan bereziki. Babarrunak, gozotegiek, txuletak... gaur egun estimatzen ditugun gauza askok Azokarekin zerikusi zuzena dute!

Horretan sakontzeko, eta ia zortzi mendeko historian izan duen bilakaera ezagutzeko, Azokako bisita gidatua egitea gomendatzen dizugu. Erreserba udaletxeko plazan dagoen Turismo Bulegoan egin dezakezu, Zerkausitik gertu.

Tolosa Azoka Musika Kalea

Kontsultatu ekitaldien egutegia

Asteroko Azokaz gain, azoka berezi ugari egiten dira. Izan ere, bisitatzen gaituztenek dioten moduan (ia) beti dago zerbait Tolosan! Begiratu egutegia etorri aurretik, zorte apur batekin, beste ospakizunen batez gozatzeko aukera izango duzu-eta!

Pintxo Tolosa Azoka

Bisita amaitzeko modurik onena

Alde Zaharrean egonik, Azokak taberna eta jatetxe asko ditu inguruan. Horietako askok pintxoak eta platerak eskaintzen dituzte, bertako produktuekin. Hemen kontsulta dezakezu non jan Tolosan. Bisita bat merezi duten era guztietako dendak ere aurkituko dituzu. Hemen aipatzen ditugu saltokiak ezagutzeko gako gehiago.