Ibaien egoera eta iragarpen meteorologikoa kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak "Uholdeen Larrialdi Plan Bereziaren Alerta fasea" deklaratu du. Bihar, osteguna, apirilak 12, eguerdirarte egongo da abian alerta naranja.

Euri gogorren inguruko gomendioak

Eurite-arriskua dela eta, horrek eragin litzakeen ondorio negatiboak saihesteko edo arintzeko xedez, Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak honako gomendioak ematen dizkie horiek jasan ditzaketen herritarrei:

Prebentzio-neurri gisa:

  • Ez utzi edo aparkatu ibilgailurik ibilgu lehorretan ez ibaiertzetan, bat-bateko ur-goraldirik edo uhaldirik ez jasateko.
  • Kendu ibilgailuak putzuak sor litezkeen tokietatik eta urak har litzakeen garajeetatik.
  • Saiatu autoz joan-etorririk ez egiten.
  • Autoa hartu behar izanez gero, saiatu bide nagusiak eta autobideak erabiltzen, eta ikuspen-arazorik edukiz gero, aparkatu autoa toki segururen batean.
  • Kendu urak eraman litzakeen objektu guztiak, batez ere kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak.
  • Begiratu inguruko hustubideak nola dauden.
  • Saiatu mendirako irteerarik eta kanpoko ibilaldirik ez egiten.

Larrialdi-kasuetan hartu beharreko neurri gisa:

  • Ibaietatik, uharretatik, zubietatik eta urak har ditzakeen eremuetatik urrundu, eta ez gurutzatu, oinez ez autoz, urak hartuta dauden eremuak, uraren indarrak eraman egin baitzaitzake. Uraren ondorioz autoa errepidean trabatuta geratzen bada, itzali argiak eta utzi bertan.
  • Halaber, urrundu mendi-hegietatik eta muinoetatik, eremu horietan ur, harri eta lokatz jausiak egoteko arriskua baitago.
  • Etxebizitza urak hartuz gero, irten ahal bezain laster sotoetatik eta beheko solairuetatik.
  • Etxetik joanez gero, deskonektatu elektrizitatea eta itxi gasaren eta uraren hartuneak. Era berean, utzi ohar bat non egongo zaren adierazteko.
  • Saiatu punturik gorenetara joaten eta saihetsi urak har ditzakeen eremuak.
  • Irrati edo bestelako komunikabideen bidez, une oro egon zaitez meteorologia-iragarpenen eta egoeraren jakinaren gainean.

Informazio gehiagorako irekia

Argazkia: Tolosaldeko ataria