Tolosako Abesbatza Lehiaketak, Tolosako Ekinbide Etxeak (CIT) antolatuta, bere 50. urteurrena ospatu du oso berezia izan den edizio batekin: hortxe elkartu dira aurreko edizioetan Tolosan oroitzapen ona utzi duten abesbatzak eta abesbatzen munduko jende esanguratsua, horietako asko eta asko aurreko lehiaketetako irabazleak.
Argazkia: Iñigo Royo
Aurtengo honetan, herrialde hauetako abesbatzek hartu dute parte: Japonia, Letonia, Norvegia, Erresuma Batua, Suedia, Ukrainia, Alemania, Kuba, Estatu Batuak, Frantzia eta Indonesia. Izan dira, era berean, gertuagokoak: Asturias, Errenteria eta Tolosakoak.
Edizio honetako emanaldi guztietan jarri dute sold out kartela, sarrerak salgai jarri eta berehala, eta ondorioz, Leidor beteta egon da mundu guztiko musika koralaren zaleekin. Arrakasta handikoak izan dira, era berean, Aco Biscevic tenorearen eta Breda Zakotnik piano-jolearen kontzertu lirikoa, Topicen emana, eta Hodeiertz, Oroith eta Loinaz hemengo abesbatzen kontzertu berezia.
Folklorea, polifonia, musika sakroa, musika profanoa… Tolosako Lehiaketa honek ohiko dituen modalitateetatik ez du bakar batek ere huts egin. Garbi dago Tolosa agertoki prestigiodunetako bat dugula kontinentean, Lehiaketa hau Europako lehiaketa onenen artean baitago.
Argazkia: Iñigo Royo
Aurtengo edizio honetan, igandean adierazitakoaren arabera, Kutxa Sari Nagusiaren irabazlea abesbatza Kamer Koris (Letonia) izan da.
Bestalde, Tolosako Abesbatza Lehiaketaren 50. urteurreneko edizioak sailkapen hau utzi digu:
- Publikoaren Saria: Kamer Koris (Letonia) - Veja Mate (Xabier Sarasola)
- Euskal Obraren interpretazio onena: El Leon de Oro (Asturias) - Bidasoa (Javier Busto)
- Obra baten interpretaziorik onena: Kammerchor Saarbrucken (Alemania) - Friede Auf Erden (Arnold Schonberg)
- Zuzendari Onena: Gabriel Baltes (Kup Taldea)
- Aurkezturik Programarik Onena: St Jacobs Vokalensemble (Suedia)