Mendi lasterketa jokoan izango da igande honetan, ekainaren 11n, eskualdeko tontor esanguratsuenetan: Erroizpe, Uzturre eta Hernio zeharkatuko dituzte korrikalariek.

Nahiz eta lasterketa gaztea izan –zortzigarren edizioa izango da aurtengoa–, klasiko bihurtu da trail munduko zaleentzat. Izan ere, 700 korrikalari baino gehiago bilduko dira!

Bi lasterketa izango ditu egunak: Erroizpe-Larte, Uzturre eta Hernio mendien gailurrak zeharkatuz 43,5 kilometroko ibilbidea eta 2.800 metroko malda duen maratoia, batetik; eta, bestetik, T2T bertsio laburragoa. 24,5 kilometro eta 1.600 metroko malda ditu honek, eta ez dira Herniotik pasako.


Argazkia: Iñigo Goñi

Goizean goizetik giro ona sortzen da ibilbide osoan zehar. Mendizale askok gailurren batera igotzeko eta parte-hartzaile guztiak animatzeko aprobetxatzen dute aukera.

Horrez gain, irabazleen iritsiera ere ikusi nahi dutenentzat, aukerarik onena Erroizpera igotzea da. Tontorreko parte-hartzaileen joan-etorria 09:20 inguruan hasiko da T3Tren kasuan, eta 10:00ak pasata T2Tren kasuan. Kasu horretan, nahikoa denbora izango da lasterkari arinen helmugaratzen ikusteko, 11:30ak aldera. T3Tko irabazlea, berriz, 12:45erako espero da, gutxi gorabehera. Uzturren ere giro aparta sortu ohi da, jende ugari biltzen baita, nahiz eta kasu horretan, zail xamarra litzatekeen helmugarako iristea. 


Argazkia: Iñigo Goñi

Lasterketaren ibilbidean zeharkatuko diren herriak ere aukera ezin hobeak dira korrikalariak animatzeko: Elduain, Irura, Alkiza, eta baita Tolosako Pisuaga baserria ere, T2Tren kasuan.

Ibilbideko beste punturik beroenetako bat, zalantzarik gabe, helmuga da. Jai giro bikaina sortzen da azken metroetan, eodnori oilo-ipurdia jartzerainokoa. Nafarroako Zubitik hasita, Zerkausiaren luzera osoan zehar, zaleek korridore bat sortzen dute alde bietan jarrita, eta Gaztelako Arkutik igaro eta Triangulo plazako azken metroak ikusgarriak izaten dira. Emozioak puri-purian izaten dira. Itxaronaldia ere arinagoa izaten da inguruko tabernaren batean pintxo bat jatearekin konbinatuz gero.


Argazkia: Tolosaldeko Ataria

Eguraldiak laguntzen badu, gainera, zer esanik ez. Ikuskizuna ziurtatuta dago. Ordutegiak utziko dizkizugu xehetasunik gal ez dezazun. Ikuskizunaz gozatzera!

 

T3T

-Erroizpe-Larte: 9:20

-Elduain: 9:40

-Uzturre: 10:25

-Irura: 10:40

-Alkiza: 10:55

-Hernio: 12:00

-Helmuga: 12:45

T2T:

-Erroizpe-Larte: 10:05

-Elduain: 10:20

-Uzturre: 11:10

-Pixuaga: 11:20

-Helmuga: 11:30