Usabal kiroldegiko segurtasun neurriak indartu ditu Udalak

  • Pasa den uztailaren 4ko Usabal kiroldegiko kloro intoxikazioa argitzeko ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkateak, Asier Martin, Tolosako Usabal kiroldegiko gerentek eta Asier Bakaikoa, Tolosa Lantzen S.A. Udal entitate publikoaren teknikariak.

  • Ihes bat konpontzean izandako ontzi nahasketak eragin zuen ezbeharra, erreakzio kimikoa izan baitzuen nahasketak, kloro gasa sortuz.

  • Larrialdi operatiboaren “azkartasuna eta eraginkortasuna” azpimarratu ditu Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak.

 

Tolosa, 2017ko uztailak 28

Pasa den uztailaren 4an kloro intoxikazioa gertatu zen Tolosako Usabal kiroldegiko barruko igerilekuetan. 104 pertsona artatu ziren; horietatik 23 artatze berezia jaso zuten eta inguruko ospitaletara zein anbulatorioetara bideratuak izan ziren. Ezbeharra gertatu ondorengo 24 orduetan kaltetutako guztiak etxean ziren. Usabal kiroldegia uztailaren 5ean 10:00etan ireki zen bere osotasunean, analisi guztiek airearen garbitasuna bermatu ostean.

Behin larrialdiko operatiboa bukatu zenean, Tolosako Udalak ezbeharra nola gertatu zen jakiteko asmotan, prozedura administratiboa jarri zuen abian. Era horretan, Usabal kiroldegia kudeatzen duen enpresari, Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko Osasun Publikoaren zuzendaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileei egunean gertatutakoaren eta emandako pausu oro batzen dituen txostena egiteko eskaera luzatu zien. Txostenak honakoa ebatzi du:

Hipoklorito sodikoa zuen 500 litroko ontziak (irekitzeko-ixteko giltzaren junta batetik) fuga bat zuenez, kiroldegiko mantentzeko langile batek ontzi-aldaketa prozedura hasi zuen ihesa konpontzeko (ez da ohiko prozedura). Tamalez, behar ez zuen 1.000 litroko ontzia (azido sulfurikoa izandakoa) hartu zuen hipoklorito-ontziaren aldaketa egiteko.

Bi produktuak erreakzio kimikoa izan zuten eta konbinazioak kloro gasa sortu zuen. Pixkanaka-pixkana sotoan zehar zabaltzen hasi zen eta barruko igerilekuen aireztatze sistemak hartu zuen. Gutxi gorabehera 10 minututara aire kutsadura igerileku barruan zabaldu zen.

Ezbeharra gertatu eta gero, erantzuna oso azkarra izan zela nabarmendu du Asier Bakaikoa Tolosa Lantzen S.A. udal entitate publikoaren teknikariak: “bai Kiroldegiko langileen partetik, bai larrialdietarako arlo ezberdinengatik ere. Beraz, esan genezake autobabes plana egoki bete zela”.

Olatz Peon Ormazabal alkateak ere, ildo beretik, ezbeharrari eman zitzaion erantzuna “ona” izan zela adierazi du: “ezarritako protokoloa goitik behera bete zen, Usabal kiroldegia minutu gutxitan uste zen eta zaurituak berehala artatu ziren. Langileen lana, bai kiroldegikoena eta baita larrialdi zerbitzuetakoena ere, funtsezkoa izan zen”. Tolosako Udalaren izenean elkartasuna adierazi die zauritu guztiei: “gertutasunez egon gara beraiekin, askorekin hitz egin dugu. Edozein zalantza, argibide edota laguntza eskura dezakete Tolosako Udalean”.

Behin jakinda artatutako jendeak ez zuela bestelako osasun arazorik izan, eta etorkizuneko istripuak neurri handi batean saihesteko asmotan, Tolosako Udalak kiroldegiaren enpresa kudeatzaileari neurri tekniko bereziak eta osagarriak hartzeko egin beharrak ezarri zizkion, eraikinak dituen aurretiko segurtasun neurriak hobetzeko (jada nahiko zorrotzak badira ere). Honakoak dira, jada batzuk martxan direnak, segurtasuna areagotuko dituzten neurri osagarriak:

  1. Bateraezinak diren produktuak bananduta izatea. (Hipoklorito sodikoa eta azido sulfurikoa)

  2. Ontziak kolore ezberdinetakoak erabiltzea produktu bakoitzeko. Kartelak bikoiztea, alegia, horman eta ontzietan jartzea.

  3. Sotoan arriskutsuak diren ontziak identifikatzea eta edozeinek ikusiko duen kartela ipintzea.

  4. Balio ez duten ontziak edota erabiltzen ez direnak behar den lekura eramatea birzikla daitezen. Ontzi guztiak identifikatuta behar dute izan.

  5. Produktu arriskutsuen manipulazio-prozedura idatzizkoa izatea. Mantenuko langileak eta gerenteak ezagupena eta koordinaketa eginaz.

  6. Produktu kimikoen erabileran formakuntza berezia eta sakona ematea mantenuko garbiketa eta ardura berezia duten langileei.

  7. Sotoko aireztatze sistemak sototik kanpora ateratzea.

  8. Sotoan gas toxikoak detektatzen duen zunda (sonda) ezartzea eta alarma sistemarekin bateratzea.

  9. Alarma eragiteko sistema manuala ezartzea kiroldegiko harreran, megafoniarekin bateratuta, mezu automatikoa eman dezan. Era horretan, edozein erabiltzaile aldageletan edo beste leku baetean badago, ohartarazteko instalazioak utzi behar dituela. Honelako mezua: ``Mesedez hustu instalazioa, hau ez da simulakro bat. Ezbehar bat gertatu da eta zure segurtasuna bermatzeko bideratu irteerara, mesedez´´.

  10. Usabal kiroldegiko autobabes planaren azterketaren ondorioz, lau hobekuntza ekintza aurreikusten dira.

  11. Horietaz gain, administrazio-sail ezberdinekin adostutako beste edozein ekintza zuzentzaile.

Lehen bederatzi proposamen hobekuntzak hilabete bateko epean egingo dira. 10. eta 11. puntuen arabera datozen proposamenak, berriz, sei hilabeteen bueltan.

 

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter

The Best United Kingdom Bookmaker lbetting.co.uk Ladbrokes website review