60. urteurrenean den Udaberri Dantza taldearen suziriak abiaraziko ditu 2017ko sanjoan jaiak

Tolosa, 2017ko ekainak 14

Ekainaren 16tik 18ra eta 23tik 25era ospatuko dira sanjoanak Tolosan. Egitarau zabala prestatu du Tolosako Udalak, herriko eragile eta taldeekin batera, eta hain zuzen hori eskertuz ekin dio 2017ko jaien aurkezpenari Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak: “jai egunetan jendeak izaten duen parte-hartzea bikaina izan ohi da, baina batez ere aurretiazko prestaketetan eta antolakuntzan dabiltzanak asko dira; guztiei nire eskerrik beroena”.

116.000 euroko aurrekontua oinarri, 6 eguneko jaiek eztanda egingo dute ostiral honetan, ekainak 16. Ardura, Udaberri Dantza Taldearen esku erori da aurtengoan. 1957an hasitako ibilbidearen ospakizunetan murgilduta daude 60 urte hauetan taldearen kide izan direnak. Alkateak gogora ekarri ditu fundatzaileak: Xalbador Garmendia eta Felix Galdona: “garai gogorrak ziren haiek, frankismoaren azkenak; baina ordutik, Tolosak ez dio dantzatzeari utzi. Euskal dantzen, musikaren eta euskal kulturaren arnasgunea da Udaberri, eta Tolosari eskainitako 60 urte hauengatik suziria jaurtiko dute”.

Ostiralean, arratsaldeko 18:00etan izango da hori, hortik aurrera, Olatz Peon Ormazabalek adierazitako eran, “tradizio eta berrikuntzen” jaiek hartuko dute testigua: “adin eta gustu guztietarako ekintzak izango ditugu bata bestearen atzetik”. Sanjoan jaietan ezinbesteko direnei, eskopetariak, musika banda, bordondantzariak, Sanjoan bezperak eta biharamunekoak, erraldoiak... beste hainbat gehituko zaizkie:

  • Musika izango da protagonista nagusietako bat:

    • Ez da txaranga, bertsolari, txistulari, edo musika bandaren emanaldirik faltako.
    • Dantzaldi edo kontzertuei dagokienean: Ingo al deu, Enemigos Intimos, Hesian, Isidro Larrañaga akordeoilaria, Esne Beltza, Trakets edota Izaro. Horiek, beste hainbaten artean.
  • Kirol arlokoa da ere programazioaren zati handi bat: futbola, txirrindularitza, eskubaloia, arku-tiraketa, herri kirolak, toka, tenis eta padel txapelketa, pilota, saskibaloia... aukera ugari.

Alkateak haur eta gazteei begirako programazioa nabarmendu du: “haurrek beren espazio propioa izango dute egunero”. Iaz Haurren Hiria egitasmotik eratorritako bi ekimenek jarraipena izango dute aurtengoan ere: Sanjoan txiki sua (ekainak 23, ostirala, 19:00etan) eta Zumardiandiko ikuskizuna (ekainak 25, igandea, 17:00etan).

Kuadrilen egunak berriz, urtez-urte, markak hausten jarraitzen du. Ordu gutxitan agortu dira bazkarirako txartelak. 1991ko ekainean hasitako ohitura hark 27 urte beteko ditu aurtengoan. Ekainaren 17an, Euskal Herria Plaza hartuko dute 1.600 gaztek.

Eskuratu programazio osoa eta eskuorria


Jai berdinzaleak dira Tolosako Sanjoanak

“Sexu-erasoak herriko jaiegunetan: Udal zerbitzuen betebeharrak” protokoloa prestatu du Udalak. Eraso sexistarik jazoz gero, jarraitu beharreko pausuak zehaztu dira bertan. Eragile guztiei zabaldu zaie, honelako ekintzaren bat jazoz gero, udalak zer nolako gidalerroa izango duen jakin ahal izateko.

Bestalde, jai berdinzeleen aldarri den bideo bat prestatu du Udalak: “Izan berdinzale! Ez dago alderik! Gozatu Tolosako San Joan jaiak!”. Ikusgai duzue:

 

 

Horrez gain, ostalari eta merkatariekin elkarlanean, puntu lilak eta Tolosak ezetz eskua banatu zaie beren negozioetan jar dezaten. Gainera herrian zehar dauden panel informatiboetan Tolosak ezetz telefonodun kartelak ezarri dira, erasoren bat jasaten duen emakume orok nora jo behar duen jakin dezan. Berdinak, txikian, tabernetan ere banatu dira.

 

Garraio publikoaren erabilera sustatuko da aurten ere. Tolosa.eus orrialdean daude eskuragarri autobus eta tren zerbitzuen ordutegiak.

Era berean, egitaraua argitaratu eta zabaltzeko laguntza eskaini duten babesleei eta ekitaldien antolakuntzan diharduten eragileei ere eskerrak eman nahi dizkie Tolosako Udalak.

Igaro ditzazuela San Joan jai zoriontsuak, eta izan daitezela uda on baten hasiera. Errespetuz, eta algara artean.

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter

The Best United Kingdom Bookmaker lbetting.co.uk Ladbrokes website review