Tolosaldeak 20.000 turista erakarri ditu 2017ko lehen 8 hilabeteetan

  • Urteko lehen 8 hilabeteetako turismo datuen balantzea positiboa: iazkoarekin alderatuz, %16ko igoera eman da, eta udaran tendentzia hori mantendu da.

  • Alde zaharreko bisitetako partaide kopurua hirukoiztu da; Txindokiko Itzalean %11 gehiago; Alkizako Urmaran %12 gehiago; Santa Maria Elizan bisitari bikoitza, Topicen 2017an ia 10.000 bisitari...

  • Ostalari, merkatari eta azokako baserritarrekin egindako lehen eskuartzean sentsazio positiboa jaso dutela adierazi dute Tolosaldea Garatzenetik.

  • Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria: “turismo jasangarri baten alde eta bisitariei eskualde erakargarri bat eskaintzeko lanean jarraituko dugu sektorearekin elkar hartuta”.

 

Tolosa, 2017ko irailak 8

2017ko Tolosaldeako turismo datuak aurkeztu dituzte Euskal Pizkundea Plazan Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak eta Olatz Ilarregi Tolosaldeako Turismo teknikariak. Alboan izan dituzte ere Arantxa Garaiburu, Amezketako Larte gaztandegiko arduraduna eta Casa Julianeko Iñaki Gorrotxategi, sektorea ordezkatuz.

Balantze positiboa da gauzatu dutena Tolosaldea Garatzenetik, eskualdeak iaz baino bisitari gehiago jaso baititu 2017an. Lehendakariak aurreratu duenez, 2017ko lehen zortzi hilabeteetan, iazkoarekin alderatuz, %16ko igoera eman da, eta udaran tendentzia hori mantendu da.

Olatz Peon Ormazabalek azpimarratu du Tolosaldea eta Tolosa “kalitatezko turismoagatik” nabarmentzen direla, eta horrela ikusten dutela gure mugetatik haratago ere: “Donostiara etortzen diren milaka eta milaka turistak Tolosaldeara etortzeko lanean ari gara, Donostiak duen erakarpena baliatuz. Enpresa txiki eta ertain asko ditugu eskualdean turismotik bizi direnak eta azken urteotan geroz eta presentzia handiagoa eskuratzen ari den aktibitate ekonomikoa dugu. Bide horretan, turismo jasangarri baten alde eta bisitariei eskualde erakargarri bat eskaintzeko lanean jarraituko dugu sektorearekin elkar hartuta” nabarmendu du. Turista batek Euskadin bataz beste 129€ eguneko gastua egiten duela kalkulatzen da. Eskualdean ditugun plaza kopurua eta okupazio tasak kontutan izanik, turistek uda honetan ia 300.000€ utzi dituztela kalkulatzen da. Honi, egun pasa datozenen gastua gehitu behar zaiolarik.

Tolosa eta Larraitzeko turismo bulego eta informazio puntuan ia 20.000 pertsonek jaso dute informazioa era presentzialean 2017an, udan 8000 inguruk. Guztira 41 herrialdeetako bisitariak jaso ditu eskualdeak. Olatz Ilarregi eskualdeko turismo teknikariak gaineratu du estatuko bisitari gehiago jaso dituela eskualdeak aurten: “lehenak Madrildarrak izan dira; ondoren kataluniarrak. Euskal Herriko bisitari ugari ere jaso ditu gure eskualdeak: Nafar eta bizkaitarrak batez ere. Iaz %18 bisitari atzerritar gehiago jaso genuen, eta datua mantendu da”. Adierazi dutenez, turismo familiarra gailentzen da.

Bisitari gehikuntza, hein batean, aurtengo eskaintza arrakastatsuaren ondorio izan dela uste du Ilarregik. Bide horretan, udararako prestatutako eskaintzek erantzun “ona” izan dute teknikariak adierazi bezala:

  • Tolosako Alde Zaharreko bisita gidatuetan parte-hartu duten pertsonak nabarmen igo dira urte hasieratik hona, bereziki abuztuan. 645 pertsonek parte hartu dute aurtengoan momentura arte Tolosako Alde Zaharreko bisita gidatuetan, 2016 urtearekin alderatuta 3 aldiz biderkatu dira parte-hartzaileak.

  • Santa Maria Eliza. Aurreko urtean Sta Maria elizak jasotako bisitari kopurua ikusirik aurtengoan Udalak eliza ireki eta azalpenak emango dituen pertsona bat jarri du. Bisitak astelehenetik larunbatera uztailaren 19tik abuztuaren 19ra, 11:00etatik 14:00etara egin dira. Egun tartea aldatzea erabaki positiboa izan da, 1670 pertsona artatu baitira Sta Maria elizan, aurreko urtekoen bisitari bikoitza.

  • Topic museoa. Aurten, ia 10.000 bisitari jaso ditu dagoeneko Topic Museoak eta uztaila eta abuztuan aurreko urtean baino bisitari gehiago nabaritu dute.

  • Txindokiko Itzalean, arroilen jeitsiera eta eskaladako irteerak izan dira arrakastatsuenak. Familian, abentura eta naturaz gozatzera etortzen diren pertsonak dira gehienak. Uztaila eta Abuztuan 2016an baino%11 bisitari gehiago izan dira Txindokiko Itzaleko informazio puntuan. Aurtengoan bereziki estatuko bisitariak eta egun pasa joandako gipuzkoarrak igo dira.

  • Alkizako Urmara museoan ere uztaila eta abuztuan aurreko urtean baino bisitari gehiago izan dituzte, %12ko igoera zehazki. Antolatu duten programa erakargarriak bisitari asko erakarri ditu dudarik gabe.

  • Altzo eta Asteasun prestatutako ibilbide tematikoen inguruan ere datu zehatzen faltan, bisitariak nabaritu direla esan digute udaletatik.

Eskualdeko alojamenduetan, urte hasieratik ona, okupazio tasa mantendu egin da. %86ko okupazioa izan dute landa ostatuek. Hotel eta pentsioen kasuan okupazio tasa abuztuan %93ra igotzen da. Abuztu erdialdean, ez zegoen lotarako tokirik eskualdean.

Aipatu bezala, Tolosako turismo bulegoan eta Larraitzeko informazio puntuan ia 20.000 pertsona artatu dira 2017an. Asteko zazpi egunetan 8 orduz egon dira zabalik udan. Kontsulta ez presentzialek, ordea, gora egin dute. Olatz Ilarregik adierazi du tendentzia aldaketa bat ematen ari dela eta nabarmena dela jendeak aurretik kontsultatzen duela informazioa: “geroz eta gehiago, galdera konkretuekin hurbiltzen dira turismo bulegoetara. Sarea 24 orduz dago urteko egun guztietan”. Horren isla, tolosaldea.eus webgunean, urte hasieratik hona %30eko igoera izan dugu bai sesio kopuru eta baita erabiltzaile kopuruetan ere, %40ko igoera bisitaturiko orri kopuruetan.

Ostalari, merkatari eta azokako baserritarrekin egindako lehen eskuartzean sentsazio positiboa jaso dutela adierazi du Ilarregik. Tolosako alkateak bere partetik, ostalaritza, jatetxeen eta merkataritzaren eskaintza “oparoak” herrian duen “garrantzia ekonomiko eta zeresana” nabarmendu du, eta hori bisitariek sumatzen dutela. Zentzu horretan, alkateak sektoreari eskerrak eman dizkio: “bisitari horiei guztiei egonaldi atsegina eskaintzeko gogor aritu dira eta ari dira lanean, beraz, eskerrak eman eta emandako zerbitzuengatik zoriondu behar zaie. Datuak guztion lanaren emaitza dira. Orain, udazkenari begira gaude jada”.

 

Datuak mantendu edota hobetzeko lanean

Donostiako turismo bulegoetako informatzaileei eskualdea ezagutu dezaten formazio saio berezia egin zen uda aurretik Olatz Peon Ormazabalek adierazitako eran: “pasaden uztailean aurkeztutako Tolosaldea-Goierri gida berriarekin hainbatetan hornitu ditugu San Sebastian Region-eko turismo bulegoa eta eskualdeko alojamenduak. Online promozio boletinak bidali ditugu udako eskaintzarekin Euskadiko sektoreko eragile nabarmenenei, publizitatea egitearekin bat” adierazi du. Horrez gain, azaleratu du turismo gastronomikoari lotutako azoketan partaide dela Tolosaldea.

Bisitariei informazioa era erraz eta atseginean helaraziz, Olatz Peon Ormazabalek esan du euskarri ezberdinen bitartez Tolosaldeak eskaintzen dituen “altxorren ikusmira sortu eta bisitariak erakartzea” dela helburua: “horri digitalen geroz eta garrantzi nabarmenagoa gehituz, fokoa bertan ezarria dugu”. Bereziki gure alojamenduei begira, www.tolosadea.eus webgunearen posizionamendua hobetzeko ekintzak egin ziren urte hasieran.

Tolosan uda aurretik moleskine formatuko liburuxka kaleratu zuten eta mapa turistikoak eguneratu. Orain, Tolosako alkateak aurreratu duenez turismo web orrian eta herriko bideo promozionalean ari dira lanean: “2018aren hasierarako prest egongo dira biak”.

Lan horretan nabarmendu du Eusko Jaurlaritza eta Aldundia bidelagun dituztela eta erakundeen arteko elkarlan hori fruituak ematen ari dela: “Donostiatik gurera turistak erakartzeko unean San Sebastian Region turismo bulegoa lagungarri zaigu, esaterako. Altzon ere Altzoko Handiaren inguruan dagoen interesak bultzatuta, turismo bulego berri bat jarriko da martxan. Guztiok era koordinatuan egungo garaien beharrei ari gara erantzuten”.

TG-ko lehendakariaren iritziz, urte osoan zehar antolatzen diren ehundaka jarduera eta ekitaldi ezberdinek edozein urtarotan bisitatzeko herri bilakatzen gaitu: “nahiz eta uda izan oporren garaia, urtaro orok egonaldia bizitzeko baliabide ezberdinak eskaintzen dizkigu, eta guztiek dute beraien xarma, esperientzia bizitzeko era ezberdinak emanaz”. Udazkena benetan “oparo” datorrela nabarmendu du “eskualdeko produktu izarrei gorazarre egingo dieten azoka bereziekin”. Anfitrioiak garela gaineratu du: “bisitariei adeitasun, profesionaltasun eta ilusio handiz egiten diegu harrera”.

 

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter

The Best United Kingdom Bookmaker lbetting.co.uk Ladbrokes website review