Ibañez familiaren ehun urtetik gorako gozotegian jo eta su ari dira lanean egun hauetan: bere errege-opila Tolosako ospetsuena da, bera da Tolosako Gabonetako postre nagusia, eta ez dute hura gabe inor gelditzerik nahi. Etenik gabe egiten dute lan egun hauetan, ingurutik ere jende asko etortzen baitzaie (bai Donostiatik ere) errege-opila erostera.
Laster hasiko dira familiarteko otorduak eta errege-opila izan ohi da mahaiko ezinbesteko protagonista egun hauetan, eta hori dela eta, obradorera joan gara lehen eskutik jaso ahal izateko Gozonako errege-opilak dituen sekretu guztiak. Raquel Ibañez 3. belaunaldia da eta berak eman dizkigu azalpenak.
Eguberri itxura dute mostradoreek eta gozo-gauzez beteta daude, eta Ibañez senideak eta beren ama Conchi jaso eta jaso ari dira jendearen eskariak, inork ez baitu tradiziozko opil hau gabe gelditu nahi.
Errege-opila (errege-uztaia eta errege-erroska ere deitua) egiteko osagai hauek behar ditugu: irina, ur epela, laranja-lorezko ura, azukrea, legamia, gurina eta arrautzak. Gero kolorea ematen zaio, gainean fruta-zatiak jarrita: laranja, meloia, gereziak... Gozona-Ibañez gozotegian opil guztiak eskuz egiten dira, banan-banan, mimo handiz.
Zalantza eta istilubide handiena betetzeko erabiltzen den gaia izan ohi da: zer nahiago, krema ala nata? Eskerrak egun batean bururatu zitzaien mistoa egitea, denen gustuak asetzeko. Baina beste gauza batek ere jarri ohi gaitu urduri geure opil-zatia hartzean: baba edo figuratxoa egokituko ote zait? Tradizioak dio baba egokitzen zaionak errege-opila ordaindu behar duela.
Eta etxe guztietan egiten da honako hau ere: opila sobratzen bada (eta ez da normala sobratzea), gorde egiten da biharamunean gosaltzen jateko.
Luze iraun dezala errege-opilak! On egin!