Eta zer nolako poza HARAGIk hartu dituen plazak jendez gainezka ikusita: Zumardi Txikia, Trianguloa, Zerkausia… Beste behin, Tolosak dozenaka haragizale elkartu ditu.
HARAGI Festek arrakasta itzela izan du berriro ere, eta jende andana bildu da ibaiaren altzoan, festa giroan. Larunbat goizean zuzeneko errekiek ere ikusmin handia piztu zuten. Pintxoak agortu ziren postu batean baino gehiagotan!
Denetarik dastatu ahal izan dugu: orotariko hanburgesak, sekretu iberikoa, bertako lau behi arrazaren haragia (Betizu, Terreña, Montxina eta Pirenaika), oilasko mokaduak, txuletak, saltxitxak, plater txiletarrak… Gozarazi gaituzten zapore eta usain nahasketa paregabea, ezbairik gabe.
Euskadiko hanburgesa onenak
Aurtengo edizioko nobedade nagusietako bat I. Euskadiko Autore Hanburgesa Lehiaketa izan da. 49 harategik eta urdaitegik hartu zuten parte, bi mailatan banatuta.
Alde batetik, autore hanburgesa tradizionalena. ‘Sekreturik gabeko’ errezeta batekin eskuratu zuen lehen saria Getxoko Gabiria Harategiak: kalitate oneko txahal-haragia eta txerri apur bat. Aritza Gabiriak jaso zuen txapela, harategia kudeatzen duen familiako hirugarren belaunaldikoa.
Bestalde, hanburgesa berritzaile onenaren saria Barakaldoko Carnicería Charcutería Ricardok irabazi zuen, 'Basoko hanburgesa' delakoarekin. 50 barietate baino gehiago ekoizten dituzte bertan, eta David Vico arduradunak hanburgesa saritua egiteko erabili zituzten osagaiak azaldu ditu: ondutako behi-haragia, boletusak, portoa eta Añanako gatza. Mundialak zeuden!
Aurten ezin izan baduzu HARAGIn egon… ez ezazu galdu datorren urtekoa: hurrengora arte